2012/07/03

Kandela gaua Zaballan, gaixo dauden presoen askatasuna eskatzeko


Pasa den ostiralean Madrilen izan ziren hamalau euskal herritarrek prentsaren aurrean agertu dira gaur goizean Gasteizen, ekimen berri bat iragartzeko. Gaixotasun larriak dituzten presoen askatasuna aldarrikatzeko hamalau orduko egonaldia burutuko da Zaballako espetxearen ondoren. Hemen duzue gaurko agerraldian irakurri dutena:
Egunon guztioi,
Pasa den ostiralean Madrilera joan ginen hamalau euskal herritarrak batu gara agerraldi honetan, Madrilen bizi izandakoaz eta aurrera begirakoaz hitz egiteko.
Gaixo eta larri diren hamalau euskal preso politikoen egoerak bihotza hausten digu. Minbizia izan eta tratamendua hartzeko zailtasunak, bere buruaz beste egiteko saiakerak, bihotzekoa… Kalean ere larriak diren eritasunak dira, zaintza berezia eskatzen dutenak. Beraz, egoera horretan espetxean preso eta kasu askotan sakabanatua izateak pertsonaren bizitza arriskuan jartzen dutela ulertzen dugu guk. Egoera honek presoengan eta hauen senideengan sortzen duen sufrimendua esplikaezina da giza eskubideen ikuspegitik. Mina besterik ez dakarren egoera da, inori onurarik egiten ez diona.
Egoera larri horrek eraman gintuen gure burua Espetxe Zaintzarako Erakundean aurkeztera. Egoera larri horrek eraman gaitu preso hauen askatasunaren truke gurea eskaintzera. Jakitun ginen ez zutela gure eskaintza onartuko, baina argi dugu ez garela besoak gurutzaturik geldituko ezezko honen aurrean. Gaixotasun larriak dituzten pertsona hauen askatzea premiazkoa da, presazkoa, egoera hau mantentzeak ondorio larriak ekarri ditzakeelako.
Arduradunen borondatea ez da baina guk espero eta nahiko genukeen modukoa. Itxikeria da nagusi Moncloako bulegoetan, Espainiako Entzutegi Nazionalean eta Espetxe Zaintzarako Erakundean. Beraz, itxikeria hori gainditu eta espetxe politika aldatzera bultzatu behar ditugu arduradunak. Zentzu honetan beharrezkoak izango dira mota ezberdineko ekimenak egiten jarraitzea, kalean, erakundeetan eta eremu guztietan. Gaurkoan uztailaren 13 eta 14an burutzera goazen ekimena aurkeztera gatoz. Zaballako espetxearen aurrean eginen dugu ekimena, Txus Martin euskal preso politikoa bertan aurkitzen baita, larri, muturreko egoeran. Kandela gaua burutuko dugu Zaballako espetxearen ondoan, iluna argituko dugu kandelekin, eta espetxe politikak eragiten dituen egoera ilunak argitzeko bidea aldarrikatuko dugu. 14 orduz egongo gara bertan, gaixo dauden hamalau presoen askatasuna aldarrikatzen.
Euskal Herrian bake egoera justu bat erdiesteko urratsak ematen ari gara, eragile eta erakunde askoren borondateak bat egin du bide honetan. Baina argi dago urrats asko daudela oraindik emateko, eta espetxe politikaren aldaketa da gaur gaurkoz urgentzia gehien duen urratsa. Gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea, bizi osorako espetxe zigorrarekin amaitzea eta euskal presoak Euskal Herriko espetxeetan batzea giza eskubideen logikan gaur bertan hartu beharrezkoa neurriak direla pentsatzen dugu guk, eta euskal gizartearen gehiengoak. Ondoren, konponbide eta bake egoera betikotzeko euskal preso eta iheslari guztien etxeratzea gauzatu beharko litzateke.
Zaballako espetxearen aurrean burutuko dugun ekimenak urrats txiki bat izan nahi du bide honetan. Gu bertan izango gara. Helburu honekin bat egiten duten herritarrak ere gonbidatuak daude ekimenean parte hartzera.
Milesker.info+: herrira.org




No hay comentarios:

Publicar un comentario