HERRI BILGUNEA

HERRIRA

Herrira sortu da. Euskal Herrian hutsik dauden aulkiak betetzea da bere xedea. Zentzu honetan, helburu honekin bat egiten duten herritar guztiei espazio eraginkor bat eskaintzera gatoz, eremu ezberdinetatik eta konpromiso ezberdinekin, eginahal honetan ahalik eta indar gehien batzeko.

Gure helburuekiko aldekotasun jarrerak dituzten herritarrekin eta eremu guztiekin batera lan egin nahi dugu, hauei entzunez, elkarlana bultzatuz, mugimendu parte hartzaile eta zabal bat eratuz.

Gure helburuekiko aurkakotasun jarrerak dituzten herritarrekin eta eremu guztiekin ere lan egin nahi dugu. Hauen kontzientziak ukitu nahi ditugu, hauen jarrerak aldatu, gaurko aurkakotasunak biharko aldekotasun bihurtu daitezen.

Herrira sortu da. Hau ez da aktibista kopuru zehatz bateko mugimendua. Hau preso eta iheslarien etxeratzea ahalbidetu nahi duen herri mugimendu da. Herrira gehiengo zabal baten nahia antolatzera dator, nahi hau mobilizazio bihurtzera, helburu hau egia izan dadin lan egitera. Herritarren ahotsa eta ekintza da Herrira. Denok gara Herrira.

Urtarrilaren 7an Bilbon burutu zen mobilizazioa erreferentzia argia da preso eta iheslariak etxeratzeko lanean. Hilabeteetako lanaren emaitza izan da manifestazio kolosala. Presoen gaia eztabaida politikoaren erdigunean kokatzeko baliagarria izateaz gain, gizartearen konpromisoaren erakusleiho izan da. Argazki horrek bide bat erakusten du, preso eta iheslariak herriratzeko egiten ari garen bidea.

Bihartik aurrera bide horretan gehiago izateko lan egingo dugu. Askotariko herritarrak batu nahi ditugu, askotariko ekimenetan.

Hau, desagertzeko zioa duen mugimendua da. Misio bat jarri diogu gure buruari, eta misio bakar horri loturik lan egingo dugu. Behin misioa lortuta, bere lana amaitutzat emango du Herrirak. Izan beza bizitza laburra bezain emankorra. Gogotik ospatuko dugu gure azken arnasa! info+: info+: herrira_agiria.pdf

HERRIRA aurkezpeneko bideoak:


 


HERRI BILGUNEAK


Euskal Herriko herritarron eskutik taxutu daiteke honako bidea, presoen eskubideen aldeko lana herriz -herri antolatuz eta esparru guztietara hedatuz.

Horregatik, urtarrilaren 8an Bilbon hasitako urratsa bide geldiezin bilakatzeko deialdia egiten dugu, herriz -herri herritarron bilguneak sortuz. Herritargoari luzatzen diogu deia, ikasle zein langile, gazte edo heldu, izan ingeniari, irakasle, alkate edo apaiz, izan kantari, garbitzaile, mendizale edo kirolari, nork bere eran, nork bere ideiekin, bide honetan ekarpena egin dezan. Mugimendu dinamikoa, parte hartzailea, horizontala eta ekarpen eta pertsona ezberdinei ateak irekita dituena behar du.

Bilgune hauen bitartez, hileroko Azken Ostirala mobilizazio erraldoi iraunkor bilakatuz. Azken ostiralean inplikatuz sektore anitz, elkarte eta eragile, eskola zein lantegi... Azken ostiral bakoitza, aurrekoa baino handiagoa bilakatuz, eta hurrengoa baino txikiagoa.

Euskal Herria banderaz bete dezagun: etxeko balkoiak, udaletxe, ikastetxe, lantegi, elkarte, denda, mendi tontor, kiroldegi, unibertsitate, diaspora... txoko guztiak bete ditzagun eta munduak ikus dezala: Euskal Preso eta Iheslariak Etxera.

Herri Kulturan txertatu beharreko mugimendua eta elementua da hau. Bitarteko guztiak erabiliz, teknologia berriek eskaintzen dizkiguten aukerak baliatuz eta kaleetan presentzia argia izanez. 70ko hamarkadaren bukaeran 80ko hamarkadaren hasieran Amnistiaren aldeko logoak eta Nuklearrik Ez zioen pegatak izandako oihartzunari jarraiki. Teknologia berriek eskaintzen duten aukerak baliatuz, pertsonen eta sektoreen indar metaketa oinarri izango dituen herri bilguneak, atontuz, bultzatuz eta zabalduz.

20 urte barru, euskal jendartearen memoria kolektiboan euskal presoak etxera ekartzeko ikurrak egon behar dute. Herri kulturaren parte, garai eta belaunaldi baten parte, gehiengo zabal baten isla behar du. Mexikoko Joku Olinpikoetan Black Powerraren eskularru beltzak, Klabelin gorriak Portugalen edo Argentinan Maiatzeko Plazan amak eta amamek egindako borroken antzera. Ikur bilakatu, atzean utzi nahi den garai baten ikur eta aurrera begiratzen duen herriaren ikur gisara. Eskubideen aldarriaren ikur gisara.

KARTZELA POLITIKA KONPONBIDE KLABEETARA ALDATU BEHAR DA

Euskal Preso Politikoei salbuespenez ezartzen zaien kartzela politika, errepresio eta erabilpen irizpideen arabera antolaturik dago. Horren adierazgarri dira, 20 urtetik gora dirauen sakabanaketa politika, bai eta azken hamarkadan bizkortu diren muturreko neurriak ere. Hala nola, kondena osoa beterik edo gaixotasun larria izanik preso mantentzea, askatasun kondizionala desagertzea eta behin behineko askatasuna apenas aplikatzea, isolamendua, bai eta presoen aurkako xantaia etengabea ere, damutzearen truke onurak eskainiz eta uko eginez gero neurri krudelekin zigortuz: isolamendua, bakartzea, urruntzeak, leku-aldatze erabat arbitrarioak, erasoak, jipoiak...

Salbuespeneko kartzela politika hau gogortzeko neurriak gehituz joan dira. Bereziki larria da preso politikoei bizi arteko zigorra de facto ezartzeko neurriak indarrean jarri izana: 197/2006 sententzia, kondena luzeak beteta ere zigorra luzatzen duen dotrina gisa ezagutzen dena; erredentzioak indargabetzea; zigorraren ¾ beteta ere askatasun kondizionala ukatzea; eta kondena maximoa 40 urtera luzatzea edo Frantziako espetxeetan urte mugarik gabeko kondenekin zigortzea. Tratu krudela areagotuz joan da, isolamendu eta bakartzea hedatuz eta normalizatuz, dispertsio politikan sakonduz etengabeko traslado arbitrarioen bitartez, besteak beste.

Politika berezia eta ezberdindua aplikatzen zaio presoen kolektiboari. Desberdintze honen oinarrian, euskal presoen jatorri politikoa eta izaera kolektiboa dago, horrela aitortzen ez bada ere. Alta, salbuespenez ezartzen den kartzela politika errotik aldatu eta konponbide klabeetara igaro behar da. Horretarako, lehenik eta behin presoei salbuespenez ezarritako muturreko neurriak indargabetu behar dira. Horrekin batera, presoak dagozkien eskubide indibidual eta kolektibo guztien jabe Euskal Herrian batu behar dira, preso politikoen kolektiboa gatazka konpontzeko prozesuan, inolako trabarik gabe, eragile aktiboa izan dadin ahalbidetuz.

2011 urtearen hasieran, xantaia amaigabea da eta Europan ez da -Turkian salbu- krudelkeria eta biolentzia politiko handiagorik. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Europan indarrean dagoen biolentzia politikorik handiena pairatzen du.

Gogoan ditugu Irlandako presoek espetxean egin zituzten gose grebak, Txileko presondegi bereziak, Guantanamo, Turkian pairatu zituzten erasoak edo Irakeko Abu Graibh. Munduak euskal preso politikoek pairatzen duten bortizkeria ezagutu behar du. Euskal preso politikoek ezin dute Europan dagoen biolentzia politikorik handiena jasotzen jarraitu.

Honenbestez, irmoki aldarrikatzen dugu:

  • Eskubide guztiekin, Euskal Presoak Euskal Herrira!
  • Kondena bete duten PRESOAK KALERA! 3/4ak bete dituzten PRESOAK KALERA! Bizi arteko doktrina indargabetu!
  • Gaixotasun larriak dituzten PRESOAK KALERA!
  • Isolamendu eta bakartzearekin amaitu!

EUSKAL PRESO ETA IHESLARIAK ETXERA

Amnistiak, euskal preso, errepresaliatu eta iheslari politiko guztiak askatasun osoz etxera itzultzea ekarri behar du, egoera horretara eraman dituen arrazoiak gainditzearekin batera.

Mendeetako gatazka egun batetik bestera konpontzen ez den heinean, Amnistia ez da egun bateko gertaera, prozesu dinamikoa baizik.

Euskal Herrian gatazka politikoa konpontzeak, honek eragindako kalte eta ondorioak gainditzea ekarri behar du berarekin. Gatazka egoteko arrazoiak, preso eta iheslari politikoak egoteko arrazoi berak dira. Horregatik, arrazoi horien desagerpenak, bere ondorioen desagerpena ere ekarri behar du, besteak beste, preso eta iheslarien etxeratzea, eta aurrerantzean gehiago ez izatea.

Honela bada, Amnistia gaurtik abian jarri beharreko bidea da, preso eta iheslari guztiak askatasuna eta eskubide guztien jabe etxera itzultzeko ibilbidea hain justu, pausoka egingo duguna. Luzca izango dena seguruenera, baina lehen bai lehen, presoak etxeratzen hasteko eta guztiak erabat aske izatera iristeraino etenik izango ez duena, Amnistia eta Konponbide demokratikoa txanpon beraren bi alde baitira.

Honenbestez, kartzela politika konponbide klabeetara aldatzeak, Amnistiaren bidean honako urratsak jaso eta ahalbidetu behar ditu:

  • Muturreko egoerak ezartzeko salbuespeneko neurri guztiak indargabetzea: dispertsioa bukatzea; kondena bete dutenak, gaixorik direnak, ¾-ak bete dituztenak kalera ateratzea; tratu krudelak bukatzea, hala nola isolamendua, bakartzea, jipoiak...
  • Euskal Preso Politikoen Kolektiboa Euskal Herrian batzea, dagozkion eskubide indibidual, kolektibo, gizabanako, politiko eta zibilen jabe, Euskal Herriko prozesuan, gainerako eragileek bezala, inolako trabarik gabe parte har dezan ahalbidetuz.
  • Gatazka konpontzeko prozesuan, gatazkaren ondorioak gaindituz joatea beharrezkoa izango da, besteak beste, preso eta iheslari politikoen etxeratzea ahalbidetuz. Gatazka konpontzeko prozesua, Amnistia prozesua ere bada.

    ELKARLAN ESPARRUAK

    Euskal Herriko instituzioak, era guztietako eragileak, partidu politikoak, sindikatuak, elkargoak... bide honetan lagundu eta beren ekarpena egin dezaten elkarlan esparruak zabalduko ditugu. Bide honetan, nazioartean kolaborazio eta interlokuzio esparruak ere zabalduko ditugu.

    Elkarlan esparruak sustatuko ditugu, ondorengo helburuekin:

  • Presoen aldeko mobilizazio dinamika sustatzeko alderdi, sindikatu eta eragileen konpromisoak erdiestea: azken ostirala eta banderen hedapena, besteak beste.
  • Euskal Herriko instituzioak, presoen eskubideen aldeko lan esparru bilakatzea, beren eskubideak babestu eta horien urraketa dakarten egoerekin bukatzeko konpromisoak erdietsiz, osatzen dituzten alderdi politikoekin elkarlanean.
  • Euskal Herriko eztabaida politikoan, baita hauteskunde aldietan ere, presoen eskubideen aldeko diskurtsoa eta konpromisoa nagusitzea.
  • Euskal Herriko prozesuarekin konprometituta dauden eragile guztien aldetik, presoen kolektiboaren parte hartzea ahalbidetzeko konpromisoa hartzea, bere errekonozimendu politikotik abiatuta, interlokuzio iraunkorra martxan jarriz.
  • Euskal Herritik kanpo ere euskal presoen aldeko babesa eta elkartasuna antolatzeko, Euskal Herritik mundura zabalik diren ate guztietatik aho batez aritzea presoen eskubideen aldeko lanari dagokionez.
  • Nazioarteko hainbat pertsona eta eragileen konplizitatea bilatuko dugu eta elkarlanean sakonduko dugu. Euskal diasporarekin ere kolaboratzeko eta gure aldarrikapenak zortzigarren herrialdera zabaltzeko borondatea islatzen dugu.
  • Teknologia berrien erabilpenarekin batera, gure herri eta auzoetako kaleetan euskal preso politikoak KALERA BIDEAN jarriko dituzten ekimenak gorpuztu eta zabalduko ditugu. Bitarteko komunikatiboak edozeinen eskura izango dira.