2012/05/24

Txus Martin “etxera ekartzea” premiazkoa dela aldarrikatu dute ehunka lagunek


500 bat lagunek babesa eman diote gaur Herrirak eta Basauriko Herri Bilguneak Txus Martin preso basauriarra aska dezaten Bilboko kaleetan egindako eskaerari. Isolatuta eta beharrezkoa duen osasun asistentzia jaso gabe igarotzen duen minutu bakoitzak Txus Martinen bizitza itzaltzen duela ohartarazi dute.


Manifestazioa, Martinen argazki erraldoia buruan, 19:30etan abiatu da plaza Eliptikotik eta Kale Nagusia zeharkatu du Justizia Jauregian amaitzeko. Mobilizazioaren mezua argia izan da, azken hilabeteotako mobilizazioetan erabilitako bera: “Preso gaixoak kalera baldintzarik gabe. Txus askatu!”. Parte hartzaileek ere euskal presoen euskal herriratzea eskatu dute.

Martxaren amaieran Roberto Noval Herrira ekimeneko eledunak hartu du hitza. Novalek esan duenez, gaixorik dauden presoak etxeratzekoa “ez da aldarri berria, baina bai premiazkoa. Txus Martinek ezin du espetxean jarraitu”, bere osasun egoera larriak hala agintzen du, esan du.

Gaixotasun larria duten euskal preso politiko guztiak aske egon beharko liratekeela adierazi du Novalek, beren eskubidea delako eta legeak hala agintzen duelako.
Herrirako bozeramailearen aburuz, “konponbide demokratikoaren eta bidezko bakearen aldeko apustua egiten duen jendartearen gehiengoarentzat ulertezina da, bizia arriskuan duten lagunak, Txus eta larri dauden 13 euskal presoak kasu”, kartzelan egotea”.

Horregatik, iragan larunbatean Goazen plazara! ekimenarekin erakutsi bezala, “aurrera begira ere sentsibilitate ezberdinen indar metaketa eta konpromisoen aktibaziorako” lanean jarraituko dutela iragarri du, “presoek pairatzen duten eskubide urraketarekin amaitzeko”.

Ondoren Josu eta Irene Basauriko Herri Bilguneko kideek Martinen inguruko azken berriak azaldu dizkiete bertaratutakoei. Esan dutenez, gaixorik dauden presoen kasua “bereziki mingarria da alderik zaurgarriena delako, eta beren oinarrizko eskubideak ukatzea ondorio dramatikoak izan ditzake”.

Zazpi hilabete pasa dira Martinek “guztiz oinarrizkoa eta beharrezkoa duen eskanerra egin ahal izateko”, eta hori, kexatu direnez, “adibide bat baino ez da”. Espetxean jasotako tratua izan zen, diotenez, gaixotasuna larritzearen beste arrazoietako bat. Urteetako isolamenduak eragindako egoeratik ihes egiteko zainak moztera eraman zuen, azaldu dutenez.

Herri bilguneko kideek azaldu dute urtebete daramatela mobilizazioekin, eskualdeko sei udaletxetan bere askatasuna eskatu dute, baina Txusen bizitzak “amatatzen segitzen du”. Horregatik, etxera ekarri arte lanean segitzeko deia luzatu diote jendarteari. info+: bilbokobranka.info

Argazki galeria:

No hay comentarios:

Publicar un comentario