2011/11/25

Azken Ostirala!!!

Gaur, 86 lagun bildu dira Basaurin Euskal preso politikoen alde:

Azaroa joan da gure egutegitik eta euskal jendarteak konponbide justu eta demokratiko baten bidean orriak kentzen jarraitzen du. Eskubideen aroari ateak arrapaladan zabaldu nahi dizkio gure herriak. Bide horretan, tamalez, oraindik ere badira lan nekezak. Aldapa gogor horiek guztion artean, txandakatuz eta indarrak bilduz igoko ditugu.


Lan zail bezain miresgarri horietako bat espetxe politikarekin amaitzea da. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPKk) berriki kaleratu duen agiriak beste behin ere muturreko salbuespen neurriak pairatzen duten presoen egoeraren gainean jarri du arreta. Horiek horrela, era kolektibo batean hartutako erabakia izanik, gaixotasun larri eta sendaezinak pairatzen dituen presoek baldintzapeko askatasuna eskatuko dute.


Horien artean, bereziki larria da Txus Martinen kasua. Txus Langraitzeko espetxera eraman dute eta bere eskubideekin behin eta berriz jolasten ari dira. Ez da onargarria osasun egoera larria pairatzen duen pertsona baten eskubideak ez bermatzea eta espetxeratuta mantentzea. Txus Martin eta gaixotasun larriak pairatzen dituzten beste presoak askatu behar dituzte.

Txus pasaden urteko azaroan Españaratu zutenetik, bere eskubideak zapalduak izan dira. Konfiantzazko medikuen bisiten ostopoak, dagozkion froga medikuen ukapenak, zein etengabeko espetxe trasladoak, bere osasuna okerreratzen ari dira. Gogora ekarri behar dugu Txus sendaezina den gaixotasun bat pairatzen duela, eta bere osasunak onera egiteko behin-behineko askatasunaren beharrean dagoela.


Presoen osasuna ez da espetxe politikak urratzen duen eskubide bakarra. Mendekuan eta errepresio eta erabilpen terminoetan oinarritutako 197/2006 doktrina aplikatuta duten presoek ere euren askatasuna eskatuko dute.Guk, euskal jendartearen gehiengo zabalarekin bat eginez, argi dugu: Bizi Osorako zigorra ahalbidetzen duen doktrinak ez dauka lekurik Euskal Herrian. Hortaz, 197/2006 doktrina aplikatuta duten presoak edo euren zigorraren bi herenak edo hiru laurdenak beteta dituzten presoak inolako baldintzarik gabe askatu behar dute.


Astebururo milaka euskal herritar errusiar erruleta maltzur batean murgiltzearekin amaitu behar dugu baita. Sakabanaketak eskubideak etengabe urratzen ditu eta euskal jendartearen gehiengo erraldoi baten kontrakotasuna du.


Neurri hauek zabaltzen ari den aro berriaren kontra doaz bete-betean. Iraganeko orri beltzenen koaderno tristean geratu beharrekoak. Espetxe politikarekin batera, prozesu eta epaiketa politikoek ere atzean geratu beharko lukete. Egunotan, Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kide den Oihana Agirreri zortzi urteko espetxe zigorra berretsi diote. Epai erabat injustoa da. Euskal preso politikoen eskubideen alde lan egiteak euskal jendarteak erabat begi onez ikusten duen jarduna da. Hortaz, Oihana Agirreren kontrako sententziak konponbide demokratiko, bake itxaropen eta beharren aurka jotzen du.

Hortaz, hamaika dira kalera ateratzeko ditugun arrazoiak. Urtarrilaren 7an Bilbon euskal presoen eskubideen aldeko Herri Mobilizazio Orokorra deitu du Egin Dezagun Bideak. Une eta momentu gogoangarria behar du. Mugarri masibo, parte hartzaile eta aldarrikatzailea.

Kaleak bete behar ditugu kartzelak hustutzeko, preso eta iheslariak etxera ekartzeko. Gure herrian eskubide guztien errespetua, konponbide demokratikoa eta bake justua finkatzeko.


Urtarrilaren 7ko Herri Mobilizazio Orokorrak kolosala behar du. Horretarako, gure herri, auzo eta hirien erdigunetan inoizko elkartasun olaturik erraldoiena hartu behar dugu. Lanak merezi du eta gure lana biderkatu beharko dugu. Bitarteko eta lan formula berriak sortu eta garatu beharko ditugu beti ere Egin Dezagun Bidearen filosofiarekin bat eginez.


Herriz herri Herri Bilgune zabal, ireki eta parte hartzaileak sortuz. Urtarrilak 7ko Herri Mobilizazio Orokorrari begira hainbat dira herri ezberdinetan burutuko diren mobilizazioak, hitzaldiak, mahai inguruak, erakusketak, lehiaketa herrikoiak, afariak, futbito txapelketak, propaganda banatuz, urtarrilaren 7an Bilbora joango diren autobusak nonahi antolatuz...


Sektore guztien inplikazioa ezinbestekoa da, ahalik eta ate gehienak ukitu behar ditugu bai Euskal Herrian baita nazioartean ere. Ahalik eta eragile, alderdi, sindikatu, talde, norbanako, profesional eta lagunengana eraman behar dugu urtarrilak 7ko Herri Mobilizazio Orokorraren deialdia.


Aste bakarrean, www.kolosalaizangoda.info webgunean, 4.000 atxikimendutik gora bildu ditugu. Bertan deialdiaren inguruko informazio guztia da. Dei egiten dizuegu atxikimendua bidali eta gure inguruan deialdia zabaltzera, bereziki bihar 17:30etan Arizgotiko plazan burutuko dugun ekitaldian parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Hau da bidea, denon esku dago urtarrilak 7ko Herri Mobilizazio Orokorra KOLOSALA IZATEA!

Azkenik gaur Azaroak 25 Emakumeen Biolentziaren Aurkako Eguna den honetan, gure maitasun osoa helarazi nahi diegu, España eta Frantziar estatuetan sakabanatuta dauden emakume preso politiko guztiei eta sasia jarraitzen duten emakume guztiei! Batez ere tortutatuak eta bortxatuak izan diren emakumeei gure maitasuneik beroenak! AUPA ZUEK!!!

GORA PRESO ETA IHESLARI POLITIKOAK!!!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario