2012/03/22
Hamabost preso gaixo aske uzteko eskatu du Herrirak
Donostiako hotel batean agerraldia burutu du gaur goizean Herrira mugimenduak, medikuekin lagunduta. Gaixotasun larriak dituzten presoen egoeraz gogoeta egin du. Gainera, presoen egoeraz diharduen txosten bat aurkeztu du.
Herrira Mugimenduaren agerraldia:
Herrira mugimenduak azken asteetan gaixotasun larriak dituzten presoen askatasuna eskatzeko ekimen desberdinak burutu ditu: Sindikatuekin batera ospitaleetan elkarretaratzeak, Nafarroako parlamentuan agerraldia, Zaballako espetxean Txus Martinen askatasuna eskatzeko 3000 sinaduren aurkezpena, epaitegien aurrean ekimenak…
Arrazoia argia da. Gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea urgentziazkoa delakoan gaude. Giza eskubideen urratze larriak ematen ari baitira gaixo dauden presoen kasuan.
Jaiki Hadi, mediku profesionalen elkarteak argitaratu berri duenez, hamabost dira une honetan gaixotasun larri eta sendaezinak izanik kartzelan mantentzen dituzten euskal preso politikoak.
Justifika ezinak diren egoerak mantentzen dira: Minbiziarekin, eskizofreniarekin, bihotzeko arazo larriekin espetxean mantentzen dituzte euskal preso politikoak.
Euskal presoei oro har aplikatzen zaien kartzela politikak zerikusi handia du gaixo dauden presoen egoerarekin.
Kondenak luzatzeak pertsona helduak espetxean urte luzez mantentzea esan nahi du (Euskal presoen artean 20, 25, 27 urtetik gora kartzelan daramaten presoak aurkitzen dira).
Pertsonen osasuna asko kaltetzen duten egoerak sortzen ditu kartzelak. Bakartzeak, ordu asko ziegan eman beharrak, osasun asistentzia kaxkarrak, elikadura kaxkarrak e.a.
Arrazoi hauengatik, Herrira lehentasunez jorratzen ari da gaixo diren presoen egoera. Gainera, herritar eta eragile askok eta askok bat egin dute gaixo diren presoen kaleratze eskaerarekin.
Jesus Loza Eusko Jaurlaritzaren Elkarbizitzarako eta Memoriarako agintariak egin duen iragarpena honen ondorio dela uste dugu.
Gure aldetik, Lozaren esanen harira honako adierazi nahi dugu:
Instituzioen eskutik, gaixotasun larriak dituzten hamabost preso hauen askatasuna bultzatzea beharrezkoa da.
Bide honetan, mediku profesionalek egindako informeak kontuan hartzeko eskatzen diogu.
Gaixoen kaleratzearen bidean eman daitezkeen urrats guztiak positiboak direla uste dugu. Baina argi dugu, 15 preso gaixoen berehalako askatasuna dela dela giza eskubideei loturik eman daitekeen urrats logiko bakarra. Urrats hori da beraz espero duguna.
Euskal preso politikoen eskubideak bermatzeak espetxe politika hau aldatzea eskatzen du:
Giza eskubideen berehalako errespetu osoa aldarrikatzen dugu.
Giza eskubideen bermea bestelako eztabaidekin nahastea ez dela egokia uste dugu.
Urteetako gatazka egoeran kartzela politika berezi bat eratu da euskal preso politikoei espresuki zuzendua, neurri ankerrekin, lege bereziekin e.a. Zigorra izan da espetxe politika honen xedea. Zigorra presoari, eta zigorra senideei. Politika hori aldatu egin behar dela uste dugu , Giza Eskubideen errespetutik hasita, konponbide oso bat sustatzeko erabakiak hartuz, eta horretarako beharrezko aldaketak eginez.
Edonola ere, Herrirak mobilizazioa sustatzen jarraituko du, euskal preso politikoen giza eskubideen errespetua eskatzeko. Martxoaren 31n, Iruñean, manifestazioa burutuko da gaixo dauden 15 euskal preso politikoen askatasuna aldarrikatzeko. Manifestazioa, arratsaldeko 17:30etan abiatuko da Golem zinemetatik.
Milesker.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario