2012/03/21

Kartzelak leher lezakeen lurrikara

Gaixotasun larriak jota dauden presoen artean, Txus Martinen egoerak alarma guztiak piztu ditu. Askatzeko premiaz ohartarazi dute azken hilabeteak berekin partekatu dituzten presoek.
A. LASKIBAR LIZARRIBAR

Terremoto hutsa» izan da beti Txus Martin, bere lagunen hitzetan. Alaia, «energiaz beterikoa», zirikatzailea, geldirik egon ezin duen horietakoa. Geldi ematen ditu orain egunak, ezer egiteko gai ez dela; egonean, edo, berekin Langraitz eta Zaballako espetxeetan egon diren presoek BERRIAri kontatu diotenez, kartzelako patioan aurrera eta atzera etengabe, noraezean, gelditu gabe. «Isiltasuna» da nagusi bere ondoan, kide dituen presoen hitzetan. Isilik ematen ditu egunak; edozein elkarrizketatan sartzen saiatuta ere, jarraitzeko gai ez dela; «hitz laburrekin erantzuten ditu galderak». Noraezean dago. «Nekatuta sentitzen da etengabe», kontatzen du Martinekin ziegan bi hilabetez egon den euskal presoak; «medikazioaren ondorioa da». Espetxean ematen dizkioten botikek «deuseztatuta, lokartuta» uzten dutela dio. «Ezin da kontzentratu, eta horregatik kostatzen zaio irakurtzea, adibidez. Bisita duenean, oso nekatuta bueltatzen da modulura, ez baitago solasaldi luzeetara ohituta eta esfortzu ikaragarria egin behar baitu elkarrizketak jarraitzeko». Solaskide bat baino gehiago dituenetan, ez da hobea; galdu egiten da.


Gaixo dago Txus Martin. Sendagileen arabera, egoerarik larrienean dagoen euskal presoa da. Kartzelatik ateratzeko premia handiena duena. Buruko gaitz larri eta sendaezina du: sendagileek nahasmen eskizo-afektiboa diagnostikatu diote, delirio osagarriarekin. Paranoia larriak ere izaten ditu, ahotsak entzun eta zentzurik gabeko solasaldiak izateraino. Eta ez da kasualitatea. Presoaren psikologoek, lagunek eta kideek diotenez, azken urteotan bizi dituenek eragin diote gaitza. «Presondegia da gaixotasunaren iturburua; gaixotasuna kartzelan eta kartzelagatik sortu zen, eta presondegiak ez dio errekuperatzen uzten», dio harekin ziegan bi hilabetez izan denak. Espetxean urtetan ezarri dioten isolamenduak, bakartzeak eta jazarpenak gaixotu du, buruko nahasmen eskizo-afektiboa izateraino, delirio, paranoia eta fobiak gaixotasun sendaezin bihurtzeraino. Gaitza eragin zion egoerak ez dio gaitza sendatuko, eta ez dio hobera egiten uzten.

2002an atxilotu zuten Martin Frantzian, eta zortzi urtez izan zuten han preso, egoera bereziki gogorretan: bost urtez, erabat isolaturik eta bakarturik izan zuten. Lagunen bisitarik ere ez zuen apenas izan, epaileak horretarako baimenak etengabe ukatu edota atzeratu zizkiolako. Urte horietan, hiru lagunen bisita besterik ezin izan zuen jaso.

Espetxe batetik bestera zein epaitegira, etengabe lekualdatu zuten zortzi urteetan, eta, bidaia horiek sufrikario jasangaitz bihurtu ziren. Lotu egiten zuten bidaietan, eta burua zein belarriak estaltzen zizkioten. Jipoiak ere ohikoak bihurtu ziren lekualdatze horietan, saihetsak pitzatzeraino. Hiru urtez isolatuta egon ondoren, 2006an agertu zitzaion gaitza lehen aldiz.

2010ean, Frantziako zigorra beteta Espainiara estraditatzeko arriskua zuela-eta, 24 eguneko gose greba egin zuen protesta gisa. Hiru egunez ospitalean izan ondoren, egoera ez zen aldatu. Aix Luynes kartzelara eraman, eta beste zortzi hilabetez izan zuten isolatuta. Gehiago ezin jasanda, zainak moztuta bere buruaz beste egiten saiatu zen Martin.

Espainiaren esku utzi, eta kartzelatu egin zuten 2010eko urrian. Behin-behinean dute preso ordutik Espainiako kartzeletan, 90. hamarkadan abiatutako hiru auzirengatik. Epaiketa bat iaz egin zioten, eta epaiaren zain dago urritik. 

Maiatzean epaituko dute

Beste epaiketa baterako data jarri berri diote, eta horrek Martinen osasun egoera okertu du. Maiatzaren 3rako ezarri diote ahozko saiorako eguna, eta horretarako, Madrilera eramango duten beldur da. Lekualdatzea, bidaia, eta atzera egitearekin lotzen du hori, gaixotasunaren arriskuak nabarmen larriagotuz. Hori dela-eta, psikologoek epaiketa bideo-konferentziaz egitea eskatua dute.

Martinen osasun egoera larriaz kezkatuta, presoa askatzeko premiaz ohartarazi dute haren sendagileek. Buruko gaitza larriagotzen ari da etengabe, okerrera egiten ari da, eta bere bizia arriskuan dagoela ohartarazi dute. Kaleratu ezean, atzera bueltarik ez duten gertaerak etor daitezkeela.

Espetxean horren jakitun direla diote Martinekin presondegian egon direnek. Egoeraz ohartarazi eta neurriak eskatzeko espetxeetako zuzendariekin eta segurtasun arduradunekin zuzenean egon direnean, onartu dutela gaixoa preso mantentzeak dakarren arriskua; onartzen dutela askatu egin behar litzatekeela. Areago, egoeraz jakitun, bere buruaz beste egiteko arriskua duten presoei ezartzen zaien protokoloa aspaldi ezarri diote Martini. Ondorioz, beste euskal preso baten zaintzapean egoten da presoa eguneko 24 orduetan. Madrilgo Soto del Real espetxetik Langraitzera eraman zutenean Ruben Nieto euskal presoarekin jarri zuten ziegan, hark zaindu zezan. Baina harekin konfiantza hartu bezain laster, bi hilabetera, Zaballako espetxetik atera, eta A Lamara eraman zuten Nieto, Pontevedrara.

Ekaitz Samaniego preso gaztea jarri zuten orduan Martinekin, kartzelan sartu berri zutela. Bi bat hilabete egin dituzte ziega berean Zaballan, baina beste kartzela batera eramango dutela jakinarazi diote Samaniegori ere, eta Martinen bururako mamurik beldurgarrienak berriz piztu dira. «Txusek ezin du kartzelan egon; eta are gutxiago, inola ere ez, bakarrik!», ohartarazten dute espetxean eguneko 24 orduan berekin egon direnek.

Espainiako Auzitegi Nazionalak, ordea, ez ditu onartu Martinen abokatu eta sendagileek presoa askatzeko eskatuz egin dituzten eskaerak. Ihes egin dezakeela argudiatu dute. «Nola egingo du ba ihes? Seguruenik ez litzateke etxetik ateratzeko gauza ere izango», diote medikuek. «Ez du ez hanka ez buru», diote Martinekin egon diren presoek ere. «Arrazoi bakarra politikoa da; Estatuak egoera berrian blokeo egoera mantentzea erabaki duela».

Martin askatzeko premiaz ohartuta, hainbat mobilizazio egin dituzte eragileek azkenaldian. Gaur bertan, elkarretaratzea egingo du Herrira-k 12:00etan Bilbon, auzitegi aurrean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario