2012/07/30

Josu askatu, hamalauak Herrira! Larunbatean manifestazio nazionala Arrasaten

Herrira mugimenduak agerraldia burutu du gaur goizean Donostian. Bertan, Josuren egoeraren larritasuna azpimarratu eta bera libre uzteko eskatu dio Gobernuari. Larunbaterako manifestazio nazionala deitu du Arrasaten.
Hemen agerraldian irakurritako testua:
Egun on denoi eta eskerrik asko Herriraren prentsaurreko honetara etortzeagatik.
Lehen lehenik, Josu Uribetxeberria presoari eta bere familia osoari, gure elkartasunik sentituena bidali nahi diegu.
Josu Uribetxeberria Arrasatearrak, nire herrikideak, 57 urte ditu eta 15 urte daramatza kartzelan. Metastasia detektatu berri diote.
Josuren osasuna atzera bueltarik gabeko egoerara heldu da, saihestu zitekeen arren.
Josuk legez eta eskubidez aske behar zuen aspaldi. Hala ere, minbizia izanik, 2007an askatasun eskaera ukatua izan zitzaion.
Giltzurruneko minbizia pasa ostean, bizi osorako tratamendu eta jarraipen estua derrigorrezkoa zuen, hain justu gertatu dena saihestu ahal izateko. Jakina denez, kartzelako bizitza batera ezina da mota honetako mediku asistentzia eta tratamenduekin.
Kartzela poiltika krudel eta ez gizatiar hau amaitu beharraz maiz hitz egin dugu. Euskal gehiengoaren nahia hori dela erakutsi duten manifestazio handiak egin ditugu, mendekurako neurriekin amaitzeko eskatuz eta presoen eskubideak betetzeko aldarrikatuz, behin eta berriro.
Atzera bueltarik gabeko tragediak dakartzan kartzela politikaz ohartarazi izan dugu, eta hain justu horixe gertatu da: Josu atzera bueltarik gabeko egoera bateraino iristen utzi baitute.
Espainiar gobernuak kartzela politika halako muturretan mantentzenak ekarri du ondorio gisa Josuri gertatu zaiona.
Gobernuak pertsona denen eskubideak errespetatzeko urratsa eman behar du berehala. Euskal preso politikoei oinarrizko eskubideak urratzen zaizkie, baita bizitza beraren eskubidea bera ere, ezin nabarmenago geratu denez Josuren kasuan.
Honek ezin du horrela jarraitu. Kartzela politika honek jendea hiltzea dakar eta erruleta errusiar honi bukaera eman behar zaio.
Ezin dugu utzi gure herrikideak horrela tratatu ditzaten, eskubiderik gabe, baldintzarik gogorrenetan eduki ditzaten, haien biziekin horrela jolas dadin.
Espainiako gobernuari eskatzen diogu, Josu berehala aske utz dezan, bizi duen osasun egoera larria duintasunez eraman ahal izateko.
Halaber, gaixotasun larriak dituzten preso guztiak askatzeko eskatzen diogu berriro. Minutuek urrea balio dute pertsona hauen kasuan, minutuz minutu gaixotasun larriak dituzten pertsonen osasun egoera asko kaltetzen baitu kartzelan egoteak.
Euskal Herriko instituzio, partidu eta agintari guztiei eskatzen diegu ez dezaten permititu egoerak horrela jarrai dezan. Tragedia eta sufrimendua dakarren kartzela politika honekin bukatzeko eskura duten guztia egin dezatela eskatzen diegu.
Gure aldetik, datorren larunbatean, arratsaldeko 17:30etan Arrasateko plazatik hasita, manifestazio nazional jendetsua egiteko deia luzatzen diegu herritar eta eragileei, “Josu Askatu, 14ak Herrira” lemapean. Jende guztia Josuri elkartasuna adierazteaz gain, berehala aske utz dezaten eskatzeko bertan parte hartzera animatzen dugu.
Eskerrik asko

No hay comentarios:

Publicar un comentario