2012/02/17

Adierazpenak Iruñean, Itxaso Torregrosa (Herrira):


Herrira Mugimenduak burutu asmo duen kanpaina bat aurkeztea da gaurko agerraldiaren xedea. Herrira Mugimendua aurkeztu genuenean azaldu genuen bezala, muturreko espetxe egoerak gainditzea izango da gure jardueraren
lehentasuna. Eta horrek, bete-betean, gaixotasun larriak dituzten euskal preso politikoez hitz egitera garamatza.

Gaur aurkezten dugun kanpaina honen elementu nagusia hemen duzuen anbulantzia hau izango da. Bere bitartez, gaixotasun larriak dituzten euskal preso politikoen egoeraz ohartarazten saiatuko gara.

Azken asteotan izandako gertaera larriak horrela eskatzen digute, egoeraren larritasunaz ohartaraztea hain zuzen ere. Hor dugu Txus Martinen adibidea, Jose Mari Perezena edo egoera larrian dauden lau preso politiko nafarrena.
Espetxeetan egoera larriak bizi dituzte. Ez dugu guk esaten, informe medikuek esaten dute. Asko adinean aurrera doazen presoak dira, jada 15, 20 edo 25 urteko espetxe zigorrak bete dituztenak, kondena betea izanagatik oraindik
preso mantentzen dituztenak. Kasu gehienetan etxetik ehunaka kilometrotara sakabanatuak daude, isolamendu egoeran, osasun asistentzia kaxkarrarekin, elikadura desegokiarekin.

Bada garaia espetxe politika anker hau aldatzeko gobernuek urratsak eman ditzaten, besteak beste gaixotasun larriak dituzten presoak askatuz. Azken finean euskal preso politikoen giza eskubideez ari gara, herritar guztiei dagozkien
giza eskubideez. Eskubide hauek urratzen jarraitzeak ondorio atzeraezinak izan ditzake.

Hau izango da anbulantzia honekin zabaldu nahi dugun mezua. Anbulantzia hau Nafarroatik abiatuko da aurrena, Euskal Herriko txoko ezberdinetara iristeko.

Zenbait datu:
· Anbulantziak goiz eta arratsalde egongo dira martxan, Nafarroan ibiliko dira lehen asteotan eta ekimena Euskal Herrira zabalduko da ondoren.

· Herritar boluntarioak ibiliko dira anbulantzien gidari lanetan.

· Anbulantziaren bisitak herrietako mobilizazio eta propaganda lanarekin uztartuko dira.

· Edonork martxan jarri lezake antzeko anbulantzia bat. Horretarako diseinuak www.herrira.org helbidean egongo dira.

· Anbulantzia hauek Euskal Herrian bueltaka ibiliko dira gaixotasun larriak dituzten presoak askatu arte.

Honekin batera, otsaileko azken ostiralean burutuko ditugun mobilizazioetako deialdia zabaldu nahi dugu. Goizez lau ospitaleen aurrean egingo ditugu mobilizazioak, eta arratsaldean herri eta auzo guztietan. Mobilizazio hauen
bidez gaixotasun larriak dituzten presoak aske uzteko aldarrikatuko dugu:

Bilbon, 12:00etan Basurton
Donostian, 12:00etan Ospitalean
Iruñean, 12:00etan Virgen del Caminon
Gasteizen, 12:00etan Santiagon
Milesker guztioi eta ondo izan.
info+: herrira.org

No hay comentarios:

Publicar un comentario